Soraluze
Hidrografia Hidrografia
|
Deba ibaiak herri barrutik egiten du bere bidea. Aintzina ibaiak banantzen zituen alde banatan zeuden Erlaegi eta Soraluze izeneko guneak. Ibaiaren garrantzia handia izan da beti. Ez du alferrik ibaiaren ibilguak herriko kaleek baino azalera handiagoa. Mugarritik Sagar-Errekara bitartean dauden hiru kilometroetan, esate baterako, urak 120.000 m2 hartzen du.
![]() Herriak ibaiarekin izan duen lotura estuaren seinale da ibaiaren zati bakoitzak izen ezberdina izatea. Horrela, ibaiaren goiko aldeari, Bergararekin mugan dagoen tokian hasten denari, “Irukurutzeta” esaten zaio; ondoren datorrenari, Serafin Atxotegi auzunearen parekoari, “Aizkorak” esaten zaio; beheraxeago dagoenari “Olakosin” (Olako-osiña), bainurako lekua berau, ibaia garbi zegoenean behintzat; hurrena “Maxpe” dator, Oleako presaren azpiko aldean; aurrerago “Maala” ( Magdalenaren baselizagatik) eta, ondoren, “Errekaldeko-arpasuak” izenekoa.
Beherago, zubi nagusiaren parean edo, “Kolarra” izeneko tokia dago eta jarraian “Arrio-gain”, hortxe, ibaiaren bazterrean, sutegia eta etxea zeuzkan arabar armagile baten Arroiabe abizenaren kontrakzioz. Hemendik presara arteko zatiak, kalebarreneko etxeen atzekaldeak, “Etxazpe”dauka izena. Handik aurrera “Presapia” eta “Ugarrezia, harik eta dagoeneko desagertuta dauden “Gabolatzeko arpasuak” pasa eta “ibaizabal”esaten zaio tokira iritsi arte. Ibaiak bertan kañoi fabrikia egin aurretik batez ere zeukan zabalera handiagatik esaten zaio horrela azken honi. Azkenik Umilladerua, Olabarrena – garai bateko ola zaharraren lekuan eraikina berria egin dute oraintxe- eta Igarate daude, ibaiak Sagarraga errekarekin bat egiten duen tokia.
Ibaia zabal eta astiro dator. Lehentxeago aipatu dugun hiru kilometroko bidean presa ugarik eusten diote. Lehendabizikoa Olako presa da, XIX. mendearen lehendabiziko zatian eraikia, industria iraultzaren arrimoan. Zubi nagusia pasata dago presarik zaharrena, Plaza Zaharren eta Iturburuko pasealekuarenartean. Erdi aroan eraikitako presa honek Baltegieta kaleko Igaretako errotari zerbitzua ematen zion. Azkeneko presa Olabarrenakoa da; aspaldikoa hau ere, XVI. mendeko lehen erdikoa.
![]() Ohikoan ibaiak dakarren urarentzako handiegia dirudi ibaiak daukan ibilguak. Tarteka, ordea, handitu egiten dira urak, bizkor haunditzen gainera, orografia bihurria delako. Horregatik, zaila dirudi ibilguari zatirik jatea. Era berean, ibaiaren zabalera handi horrek, emariaren edo uraren gora-beherek eta presen eraginak irla modukoak sortu ditu hainbat tokitan, bertan pilatu direlako sedimentuak. Irla moduko horiei “ugarreziak” esaten zaie euskaraz eta hauetan estimatuena eta jende gehienak erabiltzen duena presapian dagoena da. Ugarrezi horiek desagertu egin ziren duela urte batzuk, ibaia dragatu egin zelako. Berriro ere sortu egin dira ordea, Igaretako errotako presapean dauden ur-korronteen eraginez.
Ibaiak ur ugari jasotzen du bi ertzeeetatik eta, oro har, iparretik hegorako norabidea dauka, tarte batzuetan, errekastoetan batez ere, norabidea ekialdetik mendebaldekoa baldin bada ere. Errekasto hauek Egotza, Keixeta, Olea, Iriarte edo Altun-erreka, Arrizabaleta, Armendi-erreka eta Intxusu dira eskuineko aldean eta Erlaeti-erreka eta Sagar-Erreka ( Sagarraga-erreka aintzina) ezkerrekoan. |


