tramiteak
Hasiera arrow Soraluze arrow Lehenengo aztarnak

Lehenengo Aztarnak

Gure barruti jurisdikzionaleko lehen pertsona-aztarnak, Mazelaegiko kordalaren gailurrerian kokatuta dagoen Soraluze-Elosua Aztarnategi Megalitikoan agertu dira. Mazelaegi, gaur egun "mendi-gain" izenez ezagutzen dugun tokiaren toponimo zaharra da. Eneolitiko-Brontze kultur sekuentziari egokitzen zaion lehen berri honek arazoak agertzen ditu kronologikoki kokatzeko, Megalitoen garaiak epe luze eta zabala hartzen duelako bai kronologikoki eta bai geografikoki. Dena den, gutxi gora-beherako data emanez gero, Kristo aurreko III. milurtekoan koka daiteke.

primeros_vestigios

 

Horren ondoren, Erdi Arora arte ez da gure herrian giza iharduerari buruzko inongo erreferentzia edo aztarnarik agertzen. Hala eta guztiz ere, ez du horrek esan nahi giza asentamendurik izan ez zenik. Antzinateko geografoek, hala nola, Ptolomeo, Estrabon, Pomponio Mela eta abarrek, emandako erreferentziei esker jakin badakigu gure eskualdean Karistiarrak, Deba eta Nerbioi ibaien artean kokaturiko etnia, bizi zirela. Benetan bitxia da oraindik ere hasierako kokapen horren aztarnak geratzen direla egiaztatzea; esate baterako, bizkaieraren egungo esparruak antzinako karistiarren mugekin bat egiten du.


Erromatarrek sortu zituzten administrazio-egitura zaharren arabera, gure eskualdea Kluniko "conventus" delakoan sartzen zen. Egitura horiek Erdi Aroan ere iraun zuten, batez ere elizmugapeetan, horregatik gure udalerria garai batean Durangoko artzapezgoaren menpe izan zen.


Bisigodoen inbasioa etorri zenean, baskoiek aurre egin zioten haien monarkiari eta, datu guztien arabera, badirudi aipatu ditugun administrazio-muga erromatarrak orduan aldatu zirela, gure eskualdea Cantabria izena hartu zuen lurralde bati lotuta geratu zelarik. Izen berri horren arrastoek Aro Modernora arte iraun zuten gure inguruan; gure arma-industriak, esate baterako, sarritan "Reales Fábricas de Armas de Cantabria" izena hartzen zuen.

 

atxolin-txiki



Geroago eta Goi Erdi Aroan zehar ere, gure eskualdea Arabako konterrian txertatu zen eta testuinguru horretan, Deba Behea itsasorako irteerarik hurbilena eta antzina Gipuzkoa zenaren muga izan zen; horregatik, XIV. mendean Elgoibar, Eibar eta Soraluzeri hiri?gutunak eman zizkietenean, bere eskualdea Markina izen orokorraz ezagutzen zen. Lurralde-aldaketa etengabeak eta batean nafarren eta bestean gaztelarren agindupean egon zen konterri zabal hau, edukitzazko edo administrazio?erakunde txikiko erregimen baten bidez gobernatu zen. Horrela bada, 1053ko diploma batean, Deba arroa ere barruan hartzen zuen Durangaldeko eskualdearen buru, Munio Sancho izeneko konte bat agertzen da -"comite Munio Sançis in Turanko"- Gartzia nafar erregearen izenean -"regnante rege Garsea in Pampilona et in Najera et in Alaba et in Castella Vetula.."-.

1135etik 1199ra bitartean, gure eskualdeak garai egonkor bat bizi izan zuen nafarren menpe, nahiz eta nafar eta gaztelar erregeen artean sortutako lurralde-gatazkak bizi-biziak izan, batez ere Santxo VI.aren eta Gaztelako Alfontso VII.aren artekoak eta baita bien ondorengoen artekoak ere. Horien ondorio izan zen 1179an erresuma bien arteko bake?tratatua sinatu beharra eta, haren arabera, Durangoko edukitza edo probintzian kokaturiko Deba Beheko Markina ezarri zen mugatzat -"Insuper ego idem Adefonsus, rex Castelle, quitavi vobis Sancio, regi Navarre, el successoribus vestris, Alavam in perpetuum pro vestro regno, scilicet de Ichiar et de Durango, intus existentibus..."-. Aipatu dugun aldi horretan Ladron eta haren seme Vela konteak izan ziren erregeren izenean gure eskualdearen edukitza izan zutenak.


1200 urteko lehen egunetan, Gaztelako Alfontso VIII.ak Nafarroako erregek Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko lurraldeak Gaztelako koroan sartzea lortu zuen, Gasteiz setiatu zuenean. Horrek gure eskualdeari eragin zioten beste botere-harreman eta lurralde-zehaztapen batzuk ekarri zituen eta baita geroago, udalerria Gipuzkoako probintziaren barruan behin-betirako kokatzea ere. Horrela bada, Alfontso VIII.ak, 1212ko Navas de Tolosako gatazkan eskainitako zerbitzu bikainak saritzeko asmoz, Durangaldea eman zion Diego Lopez de Haro jaunari, bere Bizkaiko jaurerriari gehi ziezaion. Bitartean, Deba bailara "inorena ere ez" bailitzan geratu zen bertako botereen jurisdikziopean: Elgoibarko Olasotarren jurisdikziopean Markina izendatutako gure eskualdea eta Oñatiko Gebara kontearenean aipatu ibaiaren goi-ibilgua.

Zenbait soraluzetarren adierazpenak jasotzen dituen 1594ean Valladoliden argitaratutako liburu batek dioenez, 1165. urte inguruan Santxo VI.a Jakintsuak jurisdikzio honetako Iruren bizi zen bere senide bati egin zion bisita eta bere lurraldeak ikusteko probetxatu zuen. Hortaz, berri honek adierazten duenez, XII. mendean bazegoen biztanleria sakabanaturik, oraindik zehaztu gabe zeuden gure muga jurisdikzionaletan.


Giza ihardueraren hurrengo arrastoa Lizaso izeneko probintziako antzinako kronista batek ematen digu. Hark dioenez, 1207rako Soraluzen bazegoen eliza bat; beraz, inguruan giza asentamendurik izango zen, gero sortuko zen hiri-gunearen lehen hazia seguruenez. Eliza horri buruzko erreferentziak berriro 1263 eta 1297an agertzen zaizkigu, Gaztelako errege-erreginek bere patronatutza Elgoibarko Olaso etxeko ahaide nagusiei berretsi ziela eta.

 

Baina hiri-populaketa eta udal antolakuntza eraginkor baten lehen berria gorago aipatu dugun Valladoliden argitaratutako liburuak ematen digu; bertan adierazten denez, 1339. urtean Pedro Ruiz de Agirre zelakoa herriko alkate zen.Garai horretan gure hiria Markina izena hartzen zuen lurralde-batasunarekin bat eginda zegoen oraindik, hau da, egungo udalerriak ondoko Eibar eta Elgoibar hiriekin batera osatzen zuen batasunarekin. Durangaldeko edukitzatik kanpo geratu zen, berau, Durangaldea, XIII. mendearen lehen laurdenean Bizkaia nuklearrak bereganatu zuelako, gorago adierazi dugunez. Elgoibar eta Soraluze Markina yuso edo behekoan sartu ziren, Eibar, berriz, suso edo goikoan; hortaz, argi eta garbi egiaztatzen da herri hauek jatorriz Bizkaiko lurretan kokatutako botere-gune politiko baten menpe zeudela.


idoixa
 





logo Diputacion Foral de Guipúzcoa logo plaentxia logo mi pago logo ahotsak logo udalmap  logo kudepark