tramiteak
Hasiera arrow Soraluze arrow Armagintza

Armagintza

XV. mendean, gure hirian izugarrizko garrantzia hartuko zuen iharduera bat hasi zen ernaltzen eta hain izan zen garrantzitsua, ezen abizentzat hartu zuen. ARMA-INDUSTRIA da.

armeriaBistakoa da, gure hiriak dituen ezaugarri fisiko bereziak lagungarri izan zirela arma-tailerrak kokatzeko balio izan zuten sutegiak sortzeko. Armagintzak hartu zuen indarra hain handia izan zen, non koroak -bere bezero nagusiak- produkzioa zaintzeko begiraleak izendatu zituen. Horrela bada, 1573an lehen errege-biltegia ezarri zen ofizialki, mende hasieran Andres Garcia de Uribarri eskribauak (horregatik esaten zaio "Uribarrikua") egungo Rabal, 10 kalean eraikitako etxean. 25 urte lehenago, toki bera erregeren ofizialek errentan hartzen zuten produkzioa pilatzeko. Zeregin horren adierazle, oraintsu arte herriak etxe horri deitzeko "Erregetxe zarra" izena gordetzen zuen. Beste aztarna bat, hau fisikoa eta ikusgarria, armak garraiatzen zituzten lauoinekoek egarria kentzeko erabiltzen zuten "aska" izan zen, duela urte gutxi zoritxarrez bota egin zutena.


Baina arma-produkzioak izan zuen gorakadaren aurrean, "erregetxe zarra" delakoa zaharkituta geratu zenez, soraluzetarrek beste "erregetxe" bat eraiki zuten Plaza Zaharraren gainean, pilota-leku zaharra zegoen lekuan. Eraikuntz lanak 1804ean hasi ziren eta 1807an bukatu, gero arma-industriak behera egin zuenean, erabilpenik gabe zegoela eta, bota egin zuten orain dela bosturteko gutxi. Armagintzan gure udalerria ezezik, ondoko herriak ere aritu ziren. Dena delarik, XIX. mendera arte behinik behin, gure hiria izan zen eskualdeko arma-gunerik nagusiena, gero bata bestearen gainean pilatu zitzaizkion zirkunstantzia gaizto askoren ondorioz nagusitasun hori galdu egin bazuen ere.


Erregearen Arma-fabrikei eta beren arrimoan sortuz joan zen gremio-sistemari 1865ko errege-agindu bitartez eman zitzaion amaiera behin-betikoz. Alta, horrek ez dakar berarekin armagintza desagertzea, urte batzuk lehenago  eraikitzen hasita baitzegoen, Baltegieta kalean, “Euskalduna” izeneko enpresa pribatua. Tailer moderno hau eraikitzeko orduan, zeresan handia izan zuten herriko armagin Jose Ignacio de Ibarrak eta “Zuazubiscar, Isla y Cía” Madrilgo elkarte pribatuak. Ejerzitoarentzat arma ugari egin zuen fabrika honek, sona handiko “Remington” fusilak bereziki. Handik gutxira, baina, 1873an, bigarren karlistada hasi zen eta borrokan ziharduten talde biek fabrika hau bereganatzeko ahalegin ugari egin zuten. Gerrateak berak eta gerratearen ondorengo egoeraren gogortasunak hartaratuta edo, “Euskalduna” enpresa disolbatu egin zen. Lantegia kanoi eta ametrailadorak egiten zituen “Maxim, Nordenfel Company Limited” ingeles kapitaleko konpainiak eskuratu zuen. Urte batzuk geroago, XX. mendearen hasieran,  “Vickers” enpresak ersosi zuen lantegia eta “The Placencia de las Armas Company Limited” izena jarri zion. Azken enpresa honek eraikitakoak dira Sagar-erreka aldeko herriko sarreran dauden pabilioi berriak. Handik urte batzuetara “Sociedad Anónima Placencia de las Armas” enpresak, “Kañoi fabrikia” moduan ezagunagoa denak, hartu zuen ingelesen lekua. Urte horietan guztietan lantegi handi honetan herriko eta inguruko herrietako ( Eibar, Bergara, Elgoibar, Azkoitia…) makina bat langile aritu da lanean. Langile hauetako askorentzat ikastokia izan da SAPA, beren kontura aritu direlarik ondoren.

 

Bukatzeko, aipatu, XIX. mendeko herriko armagintzaren ikur izan direnak, Plaza Zaharraren gaineko “Erregetxea” eta “Euskalduna” lantegi zaharra, 1976. urtean bota zituztela. Azkena zegoen tokian kiroldegia egin zuten geroago.

 





logo Diputacion Foral de Guipúzcoa logo plaentxia logo mi pago logo ahotsak logo udalmap  logo kudepark